Xabier Arnaiz e - gazteria
Eduki publikatzailea
Xabier Arnaiz
Pixka bat elkar ezagut dezagun, esango didazu labur-labur nor zaren eta zertan zabiltzan gaur egun?
Xabier dut izena, 26 urte ditut, irakasle ikasketak egin nituen, eta pandemian kontratu bat sinatu nuen osaba-izeba zaharrekin, etxetik atera eta haien nekazaritza ustiategian laguntzeko. Karrera amaitu ondoren, gustatu zitzaidala ikusi nuenez, kontratua bi urtez berritu nuen erretiroa hartu zuten arte, eta gero nik bakarrik jarraitu dut lanarekin.
Non bizi zara eta zer ezaugarri nabarmenduko zenituzke zure udalerri edo kuadrillatik?
Zalduondon bizi naiz nire osaba-izeba zaharrekin eta aitarekin. Zortea izan dut herrian bizi naitekeelako, baina independizatzea oso zaila da. Eskuragarri dauden etxe apurrak oso handiak eta garestiak dira (oraintxe bertan bi baino ez daude, eta bat erortzear dago). Bizitza sozialaren harira, herrian taberna bat eta elkarte bat daude, non briska txapelketak eta afariak antolatzen diren. Ekaineko jaietan, Txispas blusa kuadrillak parte hartzen du, eta hainbat ekitaldi ospatzen dira, hala nola Zeledon Eguna eta landa inauteriak (Maskaraba).
Hitz egidazu zure prestakuntza ibilbideaz: zer ikasi zenuen eta zergatik aukeratu zenuen bide hori?
Arrebak eta biok, irakasle ikasketak aukeratu genituen, ama irakaslea delako eta une hartan irakaskuntza interesatzen zitzaigulako. Hala ere, orain oso pozik nago landan eta ez dut uste berriro irakasle izango naizenik.
Zein da zure egungo lan egoera eta nola iritsi zinen horra?
Esan bezala, nekazaria naiz inguruan. Hainbat labore ditugu: zereala, ilarrak, ekilorea, patatak edo erremolatxa…
Nire lagun taldean beste hiru nekazari daude; beste hiruk noizean behin laguntzen dute, eta baliteke horretan hastea lanean. Nire lagun taldean Etxabarri, Deredia, Ezkerekotxa, Erdoña, Agurain eta Zalduondoko jendea dago, eta txikitatik ezagutzen dugu elkar.
Nola joaten zara ikastera edo lanera eta zer abantaila edo eragozpen ditu garraiobide horrek?
Autoz mugitzen naiz, baina garraio publikoari dagokionez, zuzeneko autobusa dago Araia eta Agurain artean (nahiko ondo funtzionatzen du), eta orain ordu gehiago ipini dituzte jendea kexatu egin zelako; beraz, aukeraren bat gehiago dago. Trena ere badagao; Araian eta Agurainen gelditzen da, eta jaietarako Jaibus delakoa edo taxiak jartzen dituzte. Dena den, ibilbide batzuk ez dira Zalduondotik pasatzen, edo deitu egin behar da pasa daitezen.
Zer espazio edo zerbitzu (aisialdia, kultura, kirola…) erabiltzen dituzu zure udalerrian?
Zalduondon taberna bat eta elkarte bat daude. Bertan afariak egiten ditugu kuadrillarekin. Guk, gazteak garelako, kuota murriztua ordaintzen dugu, baina elkartzeko dugun leku bakarra da. 18 urtetik beherakoentzat, gurasoek kudeatzen duten gazteleku bat dago. Mahai jokoak eta horrelakoak daude. Inguruko ia herri guztiek dute elkarte edo zentro sozialen bat, eta dezente erabiltzen ditugu elkartzeko.
Zure burua islatuta ikusten duzu zure herrian edo eskualdean eskaintzen diren jarduera eta proiektuetan?
Baietz esango nuke, oso harreman ona dugu alkatearekin, eta iruditzen zait gure beharrak entzuten dituztela, nahiz eta gero baliabideak mugatuagoak izan.
Azken urtean, parte hartu al duzu gazte ekimenen batean (elkarteak, jai batzordeak, boluntariotzak, udal kontseiluak)?
Batzuek jaien antolaketan parte hartzen dute (Txispas blusa kuadrilla), baita kultur ekitaldietan eta inauterietan ere (Maskaraba). Horrelako gauzetan inplikatzen dira gehien gazteak.
Independizatu zara? Zure udalerrian gazteentzako etxebizitza eskaintza nahikoa dagoela uste duzu? Zer zailtasun aurkitu dituzu?
Orain osaba-izebekin bizi naiz, baina Zalduondon bizitzea gustatuko litzaidake. Etxebizitza eskaintza oso mugatua eta garestia da, eta gazte asko Agurainera joaten dira azkenean. Orain etxebizitza prefabrikatu batzuk egiten ari dira, baina urriak dira.
Amaitzeko, zure iritziz, landa bizitzaren zer alderdik merezi du arreta gehiago edo zer aldatu beharko litzateke?
Herrietara bizitzera joaten den jendeak uler dezala herria komunitatea dela, lagundu egin behar dela, auzolana egin behar dela… Ez da hiria bezala non bakoitzak berea duen; hemen parte hartu behar da. Normalean, auzolana egiten den bakoitzean, gero bazkari edo hamaiketako bat egiten da, denok elkartzen gara… Niretzat, hori da herriko bizitza.
Informazio pertsonala
Izena
Xabier Arnaiz
Adina
26
Data
30/04/2025
Tokia
Zalduondo (Arabako Lautada)