Martin Abarrategi, Peru Abarrategi eta Danel Herrarte - gazteria
Eduki publikatzailea
Martin Abarrategi, Peru Abarrategi eta Danel Herrarte
1. Hasteko, pixka bat elkar ezagutu dezagun: Nor zarete (adina, ikasketak/lana…)? Nola izan da zuen bilakaera urte hauetan?
Ni Peru naiz, 28 urte ditut. Euskal ikasketak egin nituen, eta ondoren CAPa ere bai. Aramaion bizi naiz, eta gaur egun Arabako Bertsozale Elkartean egiten dut lan; batez ere Gorbeialdeko herrietan eta Gasteizen aritzen naiz, Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleekin bertsolaritza lantzen.
Ni Danel naiz, 21 urte ditut, eta unibertsitateko azken urtean nago, Euskal Filologia ikasten. Ikasketekin batera, hainbat lanetan ibiltzen naiz: taberna batean egiten dut lan, bertso eskolan klaseak ematen ditut, eta Aramaioko gaztetxokoan ere hezitzaile moduan aritzen naiz.
Ni Martin naiz, 24 urte ditut, eta Peruren anaia naiz. IVEF ikasi nuen, eta CAPa ere egin nuen. Gaur egun ordezkapenetan ibiltzen naiz, batez ere irakaskuntzan, ordezkapen laburrak eginez. Horrez gain, Aramaioko bertso eskolan klaseak ematen ditugu.
2. Aramaion bizitzeak zer esan nahi du zuentzat? Zer nabarmenduko zenukete herritik edo Gorbealdetik?
Peru: Aramaiotik kanpora joateko joera handia izan dugu beti, batez ere Arrasatera. Nik, adibidez, Gasteizen ikasi nuen, eta egia da bertsolaritzak herrien arteko lotura handitu digula, baina ez nuke esango Gorbeialdearekiko pertenentzia sentimendu oso handirik dudanik.
Danel: Arabarekin badugu harremana, bai, baina esango nuke Debagoienarekin estuagoa dela, batez ere euskaragatik eta txikitatik hara joateko joera handiagoa izan dugulako.
Peru: Nerabezaroan askotan Aramaiotik pixka bat urruntzen zara: ikastera joaten zarenean, irteten hasten zarenean… baina gero, nolabait, bueltatzeko joera ere badago, tabernetara joaten hasten zarenean, nagusiago egiten zarenean. Aramaio herri anitza eta eskuzabala dela esango nuke. Egia da, gure kasuan hirurok profil antzekoa eta iritzi antzekoa dugula honen inguruan, baina denetako errealitateak daude.
Martin: Nik esango nuke Aramaiok herri izaera handia duela: herri txikia izan arren, badago giroa eta komunitate sentsazioa. Enkajatzen baduzu, oso ondo bizi zara, baina egia da badagoela jendea batzutan enkajatzen ez duena.
Martin: Gainera, lehen eskolaz kanpoko jarduera asko Arrasaten egiten ziren; gaur egun gehiago ekarri dira Aramaiora, baina garai batean harreman asko herritik kanpo sortzen ziren, batez ere institutu garaian.
Martin: Alde positibo bezala, adin desberdinetako lagun taldeak sortzeko aukera ematen duela esango nuke, eta hori aberasgarria da. Hala ere, herri txikietan askotan “daukazuna daukazu” ere gertatzen da lagun taldeekin.
Peru: Gure kasuan, adibidez, beti ibili gara neska-mutilez eta adin desberdinez osatutako kuadrilla batean; lau adin tarte egon gara talde berean. Gero herri handiago edo hiri batera zoazenean, ez duzu halako aniztasuna hainbeste ikusten kuadrilletan.
3. Nola sartu zineten bertsolaritzaren munduan? Ikasketak, lana… eta nola uztartzen duzue hori bertsolaritzarekin?
Peru: Nik eskolan ezagutu nuen bertsolaritza, 5. Mailan gutxi gora behera. Gustatu zitzaidan eta kasualitatez, gelako zortzi lagunek eman genuen izena bertso eskolan; gero batzuk bidean gelditu ziren, baina beste batzuk jarraitu egin genuen, gaur arte. Esango nuke momentu garrantzitsu bat irakaslerik gabe geratzen zarenean dela: orduan erabaki behar duzu jarraitzen duzun, zure kabuz, edo pixka bat aldendu, eta nire ustez, momento horretan asten da onena, benetan sentitzen duzulako talde baten parte zarela.
Martin: Nire kasuan, gurasoek bultzatuta hasi nintzen, eta Peru ere gustora zegoela ikusita motibatu nintzen. Hasieratik gustatu zitzaidan, eta jendea joan-etorrian ibili arren, gu geratu egin ginen. Bertso udalekuetara joan ginen, eta han gure antzeko jende asko ezagutu genuen; konturatu ginen ez ginela “arraroak”. Azkenean, hain ohikoa ez den zaletasun batean, zure espazioa aurkitzen duzu.
Danel: Nire gurasoak ere zaleak ziren, eta LH4-5 inguruan hasi ginen bertso eskolan, kuadrillako batzuk elkarrekin. Hasieran gazteagoekin elkartzen nintzen, eta gero bertso udalekuetara joaten hasi nintzen…. Gaur arte
Txapelketa garaian, normalean astero elkartzen gara, eta bestela bakoitzak bere kabuz entrenatzen du. Garai batean eskolatik ere adostu zen astero saio bat egitea entrenatzeko, nahiz eta askotan pixka bat saturatu ere egiten garen. Agian, interesgarria litzateke modu informalago batean egitea, ez hain egituratuta.
4. Mugikortasuna: Nola mugitzen zarete entseguetara, saioetara edo ikastera/lanera? Zer alde on eta txar ditu horrek?
Beti kotxez, agian gasteizera noizbait busez baina beti kotxez. Ez dago aukera handirik. Egia da autobusa dagoela, baina oso ordutegi gutxi daude eta adibidez, lan egiteko, edo bertso klaseak emateko beste herrietan kotxea behar dugu bai edo bai. Egia da kontuan hartuta arrasatera mugitzen garela asko asteburuetan, ondo legokeela gaueko autobusen bat jartzea gazteontzat, kotxea hartzea ekiditzeko batez ere.
5. Gazte ekimenak eta parte-hartzea: Parte hartu al duzue gazte ekimenen edo proiekturen batean (jaialdiak, bertso saioak, beste ekimen batzuk…)?
Gu orain ez gaude gazte asanbladan, gaur egun gaztetxoagoak dabiltza bertan. Hala ere, Aramaion antolatzen den edozein ekimenerako jendea egoten da prest, eta mugimendua badago.
Orokorrean, herrian elkarte ugari daude, baina askotan aurpegi berdinak errepikatzen dira; nolabait, jende bera ibiltzen da proiektu batetik bestera.
6. Zuen ahotsa entzuten dela sentitzen duzue? Gazteen iritzia kontuan hartzen dela uste duzue herrian?
Udaletxeak hartzen ditu erabaki batzuk bere kabuz, Aramaion entzuten da gazteen iritzia, gero kasu egin edo ez.
Hemen ez da ezdakizer zinegotzi, da izen eta abizenak duen pertsona bat. Asanblada da gazteen iritziak zabaltzen dituenak, iritzi mardul batzuk baina ez dira askotan entzuten.
Herri inkesta bat egin zuten, oso erantzun gutxi jaso dituena, justifikatzeko iritziak jaso dituztela. Asanblada eta udalaren artean.
Orokorrean, esango genuke nahiz eta batzutan gazteen iritzia entzun, gero ez da erraza izaten iritzi horiek erabakietan islatzea. Udalak baditu bere kabuz hartzen dituen erabakiak, baina aldi berean badira gazteen ekarpenak jasotzeko bideak ere.
Herria txikia izanik, harremanak gertukoak dira, eta askotan ez da hainbeste ez dakit zein zinegotzi, baizik eta izen-abizen zehatzak. Gazte asanbladak paper garrantzitsua du gazteen iritziak biltzeko eta plazaratzeko, nahiz eta batzuetan ez diren ahots guztiak berdin iristen edo entzuten.
Parte-hartzea sustatzeko saiakerak ere egin izan dira, adibidez herri inkesten bidez, nahiz eta erantzun maila ez den beti handia izan. Jaiak, esaterako, udalaren eta gazte asanbladaren artean antolatzen dira; oro har elkarlana badago, baina batzuetan ikuspegi desberdinak agertzen dira, noski
7. Etorkizunari begira: Aramaion bizitzen jarraitu nahiko zenukete? Nolakoa ikusten duzue etxebizitzaren gaia?
Danel: Gaur egun gurasoekin bizi naiz, baina datorren urtean lagun batekin bizitzera joateko asmoa daukat, Aramaioko auzo batera. Egia da gure kasuan aukera hori izan dugula, nolabait zorte kontua ere badelako, bere familiaren bidez sortu zaigun aukera bati esker.
Peru: Nik ere zortea aipatu beharko nuke. Amamaren parean zegoen etxebizitza bat salgai jarri zuten, eta 22 urterekin erosi nuen. Gaur egun hipoteka ordaintzen ari naiz. Hala ere, ez dut baztertzen etorkizunean beste nonbait bizitzea.
Martin: Ni amarekin eta beste anaiarekin bizi naiz baserri batean. Etorkizunari begira, badago baserria zatitzeko aukera, eta horrek nolabaiteko segurtasuna ematen dit; neure burua hemen bizitzen irudikatzen dut.
Hiruak bat gatoz esatean Aramaion, oro har, etxebizitza aukerak oso mugatuak direla. Inguruan, gutxi batzuk etxea erostea lortu dute, beste batzuk alokairuan bizi dira herrian bertan, eta badira Arrasatera edo kanpora joan direnak ere, oraindik gurasoen etxean jarraitzen dutenak asko dira edo kanpora joan behar izan direnak.
Etxebizitza hutsak badaude ere, baina ez dira erraz eskuragarri jartzen, eta horrek zaildu egiten du gazteen lehen emantzipazioa edo bizi-proiektu propioak garatzea. Udalaren papera garrantzitsua izan daitekeela uste dugu, etxebizitza horiek konpontzeko edo bestelako proiektuak bultzatzeko. Gainera, urte batzuetan hutsik dauden gero eta baserri gehiago egongo dira.
Etorkizunari dagokionez, herrian bizitzeko nahia badago, nahiz eta erronkak ere badauden: populazioa zahartzen ari da, jaiotza tasa jaisten doa, eta tokiko zenbait zerbitzuk ere zailtasunak dituzte erreleboa aurkitzeko. Hala ere, jende askok esaten du Aramaion bizitzeko aukerak erraztuko balira, Arrasateko jendea ere etortzeko interesa izango zuela.
8. Amaitzeko: Zer hobetu beharko litzateke Aramaioko gazteentzat?
Hirurak bat gatoz etxebizitza dela gako nagusietako bat. Izan ere, askotan horrek baldintzatzen du gazteek herrian geratzeko edo kanpora joateko erabakia: etxebizitza baduzu, beste guztia inertziaz etortzen da. Horrez gain, herrikideen artean proiektu amankomunak sortzea ere garrantzitsua da komunitatea indartzeko.
Hala ere, gazte askok beren burua Aramaion bizitzen irudikatzen dutela, nahia badagoela, baina horretarako baldintzak erraztu behar dira.
Bestetik, aisialdiari dagokionez, herritik kanpo mugitzeko aukerak hobetzea lagungarria litzateke; adibidez, gaueko garraioa indartzea, autobusen bidez bueltatzeko aukerak eskainiz.
Argi dago ezin direla zerbitzu guztiak herrian bertan izan, baizik eta eskualdean dauden zerbitzuak gehiago aprobetxatu nolabaiteko herrien eta zerbitzuen arteko koordinazio edo antolaketa baten bidez.
Informazio pertsonala
Izena
Martin Abarrategi, Peru Abarrategi eta Danel Herrarte
Adina
24, 28 eta 21
Data
2026/04/16
Tokia
Aramaio