Eduki publikatzailea

Irati Rivacoba

Irati Rivacoba

1. Pixka bat elkar ezagutu dezagun: esango didazu laburki nor zaren eta zertan zabiltzan gaur egun?

Ni Irati Rivacoba naiz, Amurriokoa naiz, eta aita eta nebarekin batera “Karobi Ganadutegia” osatzen dugu Bertan, hardiak hazten ditugu, latxa arrazakoak, eta haragia egiteko ditugu, arkumeak saltzen ditugu ere. Lan hau gustuko dugulako egiten dugu. Horrez gain, zaldiak ere baditugu, eta behorrak.
Gaur egun, goizetan ikasten dut eta arratsaldetan lan egitera etortzen naiz. Egunero etorri behar izaten dugu animaliak zaintzera: arratsaldetan, asteburuetan eta jaiegunetan ere bai. Hemen ez dago atsedenik.

 

2. Non bizi zara eta zer nabarmenduko zenuzke zure udalerri edo kuadrillatik?

Amurrion bizi naiz, eta niretzat Aiaraldea oso leku polita da, batez ere ganaduarekin lotura handia duelako; nire mundua hori da, azken finean. Mendilerroek eta zelai zabalek ganadua izatea ahalbidetzen dute, eta natura asko dago inguruan, hori nabarmenduko nuke batez ere.
Hala ere, Amurrion eta, oro har, Aiaraldean gero eta gazte gutxiago gara ganaduarekin lanean ari garenak. Kasu askotan, ez gara hutsetik hasten, baizik eta familian bazegoen ganadutegia jarraitzen dugulako; 0tik hastea oso zaila da. Jendea badago oraindik, baina duela 40 urteko egoerarekin alderatuta asko jaitsi da, eta pena handia ematen dit mundu hau pixkanaka desagertzen ari dela ikusteak

 

3. Zure prestakuntza-ibilbidea: zer ikasi zenuen eta zergatik aukeratu zenuen bide hori?

Gaur egun Nekazaritza eta Abeltzaintza Ekologikoa ikasten ari naiz Derioko nekazaritza-eskolan, eta aurrerago Murgian Baso-kudeaketa (Forestal) ikasteko asmoa daukat. Bide hau aukeratu dut betidanik izan dudalako lotura mundu honekin; ardiekin hazi naiz eta nire egunerokoaren parte izan dira.

Nire helburua ardietatik bizitzea litzateke, nire mundua delako eta txikitatik ikusi dudan errealitatea delako, baina egia da gaur egun oso zaila ikusten dudala, gauzak asko aldatzen ari direlako. Hala ere, aukerarik egongo balitz, zalantzarik gabe egingo nuke; bestela, ez dut beste aukeretara atea ixten, nahiz eta ardiekin lanean jarraitzea argi dudan.

 

4. Zein da zure egungo lan-egoera eta nola iritsi zinen horretara?

Betidanik egon dira ardiak gure etxean, eta nire aitari asko gustatu izan zaio beti abeltzaintza. Gaztea zenean, etxekoa izateaz gain, bere artalde propioa izan nahi zuela erabaki zuen, eta orduan hasi zen bide horretan.
Denborarekin, afizio hori guri ere transmititu digu, eta gaur egun nire nebarekin eta nirekin batera talde moduan ari gara lanean, ganadutegiari jarraipena emanez.

 

5. Nola mugitzen zara ikastera edo lan egitera? Zein abantaila edo desabantaila ditu horrek?

Ikastera joateko, Deriora, egunero trenez mugitzen naiz. Amurriotik Bilbora trena hartzen dut, eta handik Deriora beste tren bat; nahiko erosoa da. Gainera, Orduñako lagun batekin joaten naiz, behiak dituena, eta horrek bidea atseginagoa egiten du.
Ardiekin egotera, berriz, normalean oinez edo aitarekin kotxez joaten naiz, egunero etortzen baikara. Zorionez, ganadutegitik nahiko gertu bizi gara, eta horrek asko errazten digu leku batetik bestera mugitzea.

 

6. Zer espazio edo zerbitzu erabiltzen dituzu zure herrian (aisia, kultura, kirola...)?

Egia esan, astean zehar ez naiz gehiegi ateratzen; goizetan ikasten egoten naiz eta arratsaldetan ardiekin edo zaldiekin. Asteburuetan, berriz, Amurrion irteten banaiz, normalean kalean lasai egoten gara, ez baitago eskaintza handirik. Herriko tabernak izaten dira gazte gehien biltzen dituzten espazioak.
Bestalde, askotan Orduñara joaten naiz lagunekin, han behiekin egotera eta laguntzera. Eta, horrez gain, mendira asko joaten gara; Tologorrira igotzen gara eta naturan ematen dugu denbora.

 

8. Parte hartu al duzu gazte-ekimenen batean?

Askotan pentsatu izan dut gazte-ekimenetan parte hartzea, baina egia da denbora askorik ez dudala. Ardiekin lan asko dago, batez ere kumeak izaten hasten direnean, eta momentu horietan nire denbora eta arreta guztia horretan jartzen dira.
Baditut lagunak gazte-asanbladan parte hartzen dutenak, baina nik neuk, momentuz, ez daukat horrelako ekimenetan parte hartzeko denbora askorik.

 

10. Independizatu al zara? Zure herrian etxebizitza-eskaintza nahikoa dagoela uste duzu?

Oraindik ez nago independizatuta, baina txikitatik izan dut ametsa herri txiki batean bizitzeko, zelai handi batekin, ardiak izateko, baserri batean, baina oso zaila ikusten dut.

 

11. Zure ustez, landa-bizitzaren zein alderdi behar luke hobekuntzarik?

Nire ustez, landa-bizitzan hobekuntza pixka bat beharko luketen alderdi batzuk badaude. Batetik, burokrazia nahiko handia da, eta askotan traba gehiago sortzen ditu erraztasunak eman beharrean. “Errelebo generazionala” bezalako kontzeptuak asko entzuten dira, baina egunerokoan prozedura asko konplexuak izaten dira.
Bestetik, ganadutegi batetik bizitzea gero eta zailagoa da, prezioak direla eta. Kontrolak beharrezkoak direla ulertzen dut, baina askotan administrazio-lanak gehiegi dira, eta gu abeltzainak gara, ez administrariak. Adibidez, animalien mugimendu guztiak zehaztasun handiz jakinarazi behar izateak erritmoa zailtzen du batzuetan.
Hala ere, badakit autonomo izatea berez zaila dela, baina bizimodu hau nahi dudala argi daukat eta niretzat ideala da. Horregatik, egunerokoa apur bat errazteko neurriak egongo balira, asko eskertuko genuke.

Informazio pertsonala

Irati Rivacoba 
 

Izena

Irati Rivacoba

Adina

17

Data

2025/12/06

Tokia

Amurrio