Joseba Quintana eta Koldo Quintana “Área Pequeña” EU - gazteria
Eduki publikatzailea
Joseba Quintana eta Koldo Quintana “Área Pequeña”
Pixka bat elkar ezagut dezagun, esango didazu labur-labur nor zaren eta zertan zabiltzan gaur egun?
Joseba naiz, Bastidakoa, eta mahastizain familia batetik nator. 2017an, familia ustiategiaren ardura hartu nuen, gurasoek ezin zutelako jarraitu. Aitak kooperatiban egiten zuen lan, baina une batean erabakia hartzeko ordua iritsi zen: mahastiak saltzea edo aurrera jarraitzea. Hasieran zer egin argi ez bagenuen ere, aurrera egitea erabaki genuen. Odolean daramagu. Horrela sortu zen Área Pequeña, pixkanaka garatu dugun mahastizaintza eta ardogintzako proiektua.
2020tik aurrera, Carlosen laguntzarekin, gehiago murgildu ginen ardogintzan. Orain geure upeltegia sortzen ari gara, eta gero eta gehiago botilaratzen. Aurten anaia Koldo ere batu da proiektura. Landan lan desberdinak egiten ditugu egunero: goizean kimuak kendu, gero ernatu... Lana etengabea da.
Non bizi zara eta zer ezaugarri nabarmenduko zenituzke zure udalerri edo kuadrillatik?
Bastidan bizi gara. Erosketak egiteko, Harora joaten gara maiz, eta urtean behin edo behin Gasteizera edo Logroñora, baina inguruan gaueko aisia eta mugimendu nahiko dago, eta, beraz, hemen egiten dugu bizitza gehienbat.
Hitz egidazu zure prestakuntza ibilbideaz: zer ikasi zenuen eta zergatik aukeratu zenuen bide hori?
(Joseba) Nik Arkautin ikasi nuen, baso adarrean, arreta landareetan, landan eta abarren jarrita. Beti izan dut lotura landarekin. Koldo, berriz, upeltegian dago zentratuago.
(Koldo) Nik enologia ikasten dut Logroñon, eta bion artean nahiko ondo burutzen dugu prozesua: mahastiaren zaintzatik hasi eta ardoaren elaborazio eta merkaturatzeraino.
Zein da zure egungo lan egoera eta nola iritsi zinen horra?
Koldok eta biok sozietate zibila osatzen dugu. Autonomoak gara eta zenbait laguntza publikoren babesa dugu, hala nola foru aldundiak eta Jaurlaritzaren mahastizaintza eta ardogintzako esku hartze sektorialak nekazaritza sektorerako eskaintzen dituztenak. Bidea ahalegin handikoa izan da, baina baita oso pozgarria ere, 7 pertsona kontratatzera iritsi gara.
Nola joaten zara ikastera edo lanera eta zer abantaila edo eragozpen ditu garraiobide horrek?
Hemen, DBHko bigarren mailara arte bakarrik ikas daiteke, gero lekuz aldatu behar duzu, baina horri esker inguruko eta beste herrietako gazteak ezagutu ahal dituzu. Beste upategi batzuetan ere egin dugu lan, baina denak ingurukoak; orduan, ez dugu mugitzeko arazo handirik izan.
Zer espazio edo zerbitzu (aisialdia, kultura, kirola…) erabiltzen dituzu zure udalerrian? Gaztetxeak, zentro sozialak edo txokoak, liburutegiak edo coworking gelak, kirol jarduerak…
Kuadrilla asko eta mugimendu dezente dago. Lehen gazteen klub bat zegoen, eta berriro ireki nahi dutela uste dut. Horrez gain, jendea asko joaten da tabernetara. Asko daude hemen. Mugimendu handia dagoela iruditzen zaigu.
Zure burua islatuta ikusten duzu zure herrian edo eskualdean eskaintzen diren jarduera eta proiektuetan? Zergatik?
Bai, neurri batean. Adibidez, Upeltegiak kalez kale ekimenean hartzen dugu parte. Herrian beti izan da tradizio. Lehen, ekitaldiaren ardatza gehiago zen kontrolik gabe edatea, baina orain gehiago bideratzen ari da kulturara eta gizartera, eta hori oso positiboa iruditzen zaigu. Gainera, etorkizunean gurearen antzeko bidea hartu nahi dutenei lagundu nahiko genieke.
Independizatu zara? Zure udalerrian gazteentzako etxebizitza eskaintza nahikoa dagoela uste duzu? Zer zailtasun aurkitu dituzu?
Gaur egun gurasoekin bizi gara. (Joseba): ni hiru urtez bakarrik bizi izan nintzen, gero etxea saldu nuen, eta gaur egun etxe berria eraikitzen ari naiz upeltegiaren ondoan. Nire kuadrillan, gehienak ere herrian geratu dira, baina asko oinordetzan jasotako etxeetan. Etxe asko hutsik gelditzen dira neguan, eta udala horiek erabiltzeko neurriak aztertzen ari da. Etxebizitza erronka handia da.
Amaitzeko, zure iritziz, landa bizitzaren zer alderdik merezi du arreta gehiago edo zer aldatu beharko litzateke?
Mahastiei eta ardoari balio handiagoa eman behar zaie. Kalitate txikiko ardo asko ekoizten da beratze karbonikoarekin, baina, gure ustez, etorkizuna kalitate handiagoko produktuen alde apustu egitean datza. Área Pequeñan, atzean dagoen lana ikustea nahi dugu: ekoizpen jasangarria, ekologikoa eta errentagarritasuna eskaintzen duena. Enoturismoak bereizgarritasuna lortzeko eta lurraldeari balioa erakartzeko duen ahalmenean ere sinesten dugu.
Zorionekoak gara mahastiak oinordekotzan hartu ditugulako; gaur egun oso zaila da horiek erostea. Antzeko filosofia duten upeltegiak biltzen dituen Subsierra elkarteko kide gara. Nahiz eta ardoa guk banatu, ez gara salmentaz zuzenean arduratzen.
Gainera, laguntza eta dirulaguntzei buruzko informazioa La Casa del Vino delakoaren bidez jasotzen dugu, eta herrian aholkularitza ere badago.
Informazio pertsonala
Izena
Joseba Quintana eta Koldo Quintana “Área Pequeña”
Adina
28 eta 24
Data
2025/06/11
Tokia
Bastida (Arabako Errioxa)