Eduki publikatzailea

Argoitz Blanco

Argoitz Blanco

Pixka bat elkar ezagut dezagun, esango didazu labur-labur nor zaren eta zertan zabiltzan gaur egun?

Argoitz naiz, 24 urte ditut eta eraikuntza sektorean egiten dut lan obra arduradun gisa. Gainera, amarekin batera, ostatu turistiko bat kudeatzen dut herrian. Higiezinen munduan ere hasiberria naiz: duela gutxi pisu bat erosi dut alokatzeko asmoarekin. Bereziki interesatzen zait herrietako etxe zaharrak birgaitzea.

 

Non bizi zara eta zer ezaugarri nabarmenduko zenituzke zure udalerri edo kuadrillatik?

Zigoitiko herri eder batean bizi naiz, Zaitegin. Mendiz inguratuta dago, turismo aski du eta, bitxia bada ere, inguruko udalerririk garestienetako bat da —Espainiako garestienetakoa ere badela diote—. Lursailak hurbileko lekuetan (Antoñanan, esaterako) baino bi aldiz gehiago balio du. Zigoitian nahiko bizitza sozial dago (tabernak eta gazteek aspaldi zaharberritu zuten gaztetxea, lehen apaizetxea zena), baita tokiko mugimendu dezente ere.

 

Hitz egidazu zure prestakuntza ibilbideaz: zer ikasi zenuen eta zergatik aukeratu zenuen bide hori?

Obrak antolatzeko teknikariaren goi mailako gradua ikasi nuen. Nahiko trebea nintzen. Horrez gain, BIM metodologiarekin eraikinen 3D modelatzea egiteko ikastaro bat egin nuen. Lanean hasi baino lehen, basoko eskola batera boluntario joatekotan nintzen, baina Kamy Vertical enpresan obra arduradun gisa lan egiteko aukera sortu zitzaidan eta aprobetxatu egin nuen.

 

Zein da zure egungo lan egoera eta nola iritsi zinen horra?

Gaur egun, obra arduradun gisa egiten dut lan. Nire egunerokoan, baimenak berrikusteaz, gremioak koordinatzeaz, aurrekontuak eskatzeaz eta jabearekin biltzeaz arduratzen naiz, lanak eta epeak zehazteko. Hiru arduradun gara enpresan, eta nik 13 bat obra kudeatu ditut: pisuak, komunak eta terrazak eraberritzea, fatxadak isolatzea, eta proiektu handiagoak ere bai; esaterako, Pilar gizarte etxea, Mendizorrotza (sabaia) edo trinketa.

 

Nola joaten zara ikastera edo lanera eta zer abantaila edo eragozpen ditu garraiobide horrek?

Gasteizera autoz joaten naiz, autobusa ez delako praktikoa nire ordutegietarako. Oso gutxitan pasatzen da egunean, eta, hartzeko, aldez aurretik deitu behar da gainera. Batxilergora joaten nintzenean, ordubete lehenago iristen nintzen eskolara horregatik.

 

Zer espazio edo zerbitzu (aisialdia, kultura, kirola…) erabiltzen dituzu zure udalerrian? Gaztetxeak, zentro sozialak edo txokoak, liburutegiak edo coworking gelak, kirol jarduerak…

Espazio horiek ez ditut asko erabiltzen. Gaztetxea oso ondo dago. Zentro sozialak, txokoak, liburutegiak eta halako lekuak ez ditut erabiltzen.

 

Zure burua islatuta ikusten duzu zure herrian edo eskualdean eskaintzen diren jarduera eta proiektuetan? Zergatik?

Ez beti. Agian ez nagoelako antolatzen den guztiaren jakinaren gainean. Badakit teknikariak oso inplikatuta daudela eta gauza asko egiten dituztela, baina gehiago Zuia inguruan.

 

Independizatu zara? Zure udalerrian gazteentzako etxebizitza eskaintza nahikoa dagoela uste duzu? Zer zailtasun aurkitu dituzu?

Bai, independizatuta nago, baina amari ordaintzen diot alokairua, bere etxean bizi naizelako. Ezin dut alokairurako laguntzarik jaso. Zigoitian ez dago alokairuko etxebizitzen ia eskaintzarik, eta hori izan da hemen bizitzen jarraitzeko modu bakarra. Gainera, animaliak ditut eta horregatik ez dut Gasteizen bizitzeko asmorik.

 

Amaitzeko, zure iritziz, landa bizitzaren zer alderdik merezi du arreta gehiago edo zer aldatu beharko litzateke?

Historia eta ondarea asko interesatzen zaizkit. Nire ustez, ematen zaio balioa, eta Abadelaueta taldean parte hartzea gustatuko litzaidake, adibidez. Tokiko historialariak daude bertan. Beharrei dagokienez, etxebizitzaren prezio altua da nagusietako bat: hemen bizitzea oso garestia da.

Gure ostatu turistikoaren aldetik, gaur egun gelaka kudeatzen dugu, baina landetxe bihurtu nahiko genuke. Horretarako, dagoeneko eraikita dagoen etxebizitza bat egokitzeko edo etxe zahar bat birgaitzeko zer laguntza dauden ikertzen ari naiz. Nekaturrekin hitz egin dut, eta baieztatu didate ez dagoela arazorik landa ostatua eskaintzen den etxe berean bizitzeko.

Informazio pertsonala

 
 

Izena

Argoitz Blanco

Adina

24

Data

2025/06/11

Tokia

Zaitegi (Gorbeialdea)