Aitziber Duarte - Harrika e - gazteria
Eduki publikatzailea
Aitziber Duarte - Harrika
Pixka bat elkar ezagutu dezagun: esango didazu laburki nor zaren eta zertan zabiltzan gaur egun?
Ni Aitziber naiz, eta duela bost bat urte murgildu nintzen zeramikaren munduan. Azken hiru urteetan herri desberdinetan zeramika-irakasle aritu naiz, baina orain pausoa eman eta nire proiektu propioa jarri nahi dut martxan familiako baserrian. Proiektu horretan zeramika eta natura uztartu nahi ditut: nire tailerra antolatu, inguruko artistekin eta sortzaileekin elkarlanak egin, eta kultur proposamenak landu. Zeramikarekiko dudan filosofia mantendu nahi dut: “gelditu eta presente egon”, eta horretarako naturak aukera paregabea eskaintzen duela uste dut.
Non bizi zara eta zer nabarmenduko zenuke zure udalerri edo kuadrillatik?
Laudion bizi naiz, familiaren baserrian. Asko estimatzen dut naturaz inguratuta egotea, hori baita nire ingurune gustukoena. Aiaraldea oso eskualde berezia da: naturaz beteta dago, kultura mugimendu bizia dauka eta artista zein sortzaile asko ezagutzeko aukera ematen du. Sarritan harritu izan nau nire inguruan sortzaile asko egoteak; potentzial handia dago gauza oso interesgarriak egiteko. Horregatik, nire helburua da espazio hau haiei ere eskaintzea, eta horrela komunitatea indartzea.
Zure prestakuntza-ibilbidea: zer ikasi zenuen eta zergatik aukeratu zenuen bide hori?
Txikitatik gustatu izan zait marraztea eta sortzea, eta horregatik aukeratu nuen Arte Ederretako bidea. EHUn Diseinu eta Sorkuntza Gradua egin nuen, diseinu grafikora bideratuta, baina gradua amaitzean zeramika deskubritu nuen. Praktiketan hasi nintzen tornoarekin lanean, eta ordutik nire kabuz ikasten eta probatzen jarraitu dut, nire marka eta estilo propioa sortuz. Bartzelonan hainbat formakuntza egin ditut, eta horretan jarraitzea dut helburu. Zeramika amaigabea da: bizitza oso bat ez da nahikoa guztia ikasteko, beraz nire asmoa da etengabe ikasten jarraitzea.
Zein da zure egungo lan-egoera eta nola iritsi zinen horretara?
Irakaskuntza eta artisautza uztartzen ditut, eta azoketan parte hartzen dut. Gradu amaierako lana zeramikarekin egin nuen, eta gure jatetxerako baxera sortu nuen. Jatetxean lagundu izan dut beti, eta horrek lotura berezia eman dit gastronomiarekin eta ostalaritzarekin; nahiz eta gaur egun ez dudan bide hori lantzen, esperientzia horrek sinergia politak sortu dizkit. Bestetik, tailerrak eta ikastaroak ematen ditut: aurten Murgian urteko ikastaro bat dut, eta Aiaraldea Ekintzen Faktorian haur taldearekin arte tailerra egiteko aukera ere bai. Gainera, “Bor-bor” elkarte feministarekin tailer biziak egiten ditut emakumeekin, eta horretan jarraituko dugu aurten ere.
Baserrian sortutako espazioa antolatuta daukadanez, nire asmoa da bertan tailer monografikoak eta taldeentzako saioak eskaintzea, nire ekoizpenarekin uztartuta. Hau izango da nire proiektua garatzeko tokia, baina baita beste artistei irekia ere.
Nola mugitzen zara ikastera edo lan egitera? Zein abantaila edo desabantaila ditu horrek?
Lehen gehiago mugitzen nintzen kotxez Murgiara edo Amurriora, klaseak ematera edo ikastera. Orain, baserrian egindako apustuarekin eta Faktorian edo Murgian egiten dudana kenduta, ia ez naiz mugitu behar.
Zer espazio edo zerbitzu erabiltzen dituzu zure herrian (aisia, kultura, kirola...)?
Laudion, Faktoria da niretzat erreferente nagusia: oso proiektu ondo bideratua da herri osoari begira. Ugarte auzoan ludoteka dago gaztetxoentzat, eta baita Gaztetxea ere. Kulturlab ere bada, erakusketak eta ekitaldiak antolatzen dituena. Aukerak badaude, baina gehiago izan daitezke. Uste dut falta dena da gazteek dituzten ideiak eta proposamenak errealitate bihurtzeko bultzada.
Laudio Aiaraldeko herri handiena izan arren, udalaren eskaintza kulturala oso txikia da. Kultur etxeko obrak amaitzean berriro martxan jarriko direla espero dut; adibidez, buztin tailerrak egingo dituzte eta horretan interes handia daukat. Harrigarria da Amurrion eskaintza kulturala askoz zabalagoa izatea, eta horregatik uste dut herrian proiektu alternatibo asko sortu direla, Kulturlab bezalakoak.
Ordezkatuta sentitzen zara zure herriko jarduera edo proiektuetan? Zergatik?
Momentu honetan, udalak ez du eskaintza handirik. Herrian egiten den gehiena herritarrek sortutako proiektuetatik dator. Faktorian, esaterako, beti sentitu naiz babestuta: aukera asko eman dizkidate gauzak egiteko eta parte hartzeko. Kulturlab, berriz, ez dago hain gazteentzat bideratuta, baina artea eta kultura maite duen edonorentzat irekitako espazioa dela uste dut.
Parte hartu al duzu gazte-ekimenen batean?
Bai, gazteak oso aktiboak dira herrian. Gazte asanblada azkenaldian oso potentea dela esango nuke, eta ekimen oso politak eta interesgarriak antolatzen dituzte. Txosna Batzordeak ere eskaintza kulturala handia egiten du: ez dira bakarrik kontzertuak, baizik eta haurrentzako tailerrak eta beste ekintza ugari ere bai. Egia da ardura handiko postuetan gazte erreleboa egitea zaila dela, baina, hala ere, herria bizia da eta gauzak aurrera ateratzen dira.
Independizatu al zara? Zure herrian etxebizitza-eskaintza nahikoa dagoela uste duzu?
Bai, lehen Laudioko pisu batean bizi izan nintzen lagunekin, eta zorte handia izan genuen egoera zaila zela kontuan hartuta. Oro har, etxebizitza-egoera oso konplikatua da. Nire kasuan, baserrira bueltatu nintzen, eta corte handia daukat aukera hau izateagatik. Epe luzerako helburua hemen bizitzea da. Hala ere, bikotearekin independizatuko banintz, landa eremuan bilatuko genuke, baina oso zaila ikusten dut.
Gazte askok gurasoekin luzatzen dute egoera, inguruan aukera egokiren bat agertu arte. Bilbo edo Gasteizera doazen batzuk badira, baina gehienek eskualdean gelditu nahi dute. Prezioak igo egin dira azken urteetan, batez ere Amurrion, eta gaur egun eskaintza oso eskasa eta garestia da. Horrez gain, lanaren ezegonkortasuna handia da: soldatak baxuak dira eta askotan ez dira baldintzak betetzen alokairu bat lortzeko. Laudion hostalaritza da aukera nagusia, taberna pilo bat daudelako, eta horrek ezegonkortasun handia sortzen du. Horregatik, gazte askorentzat independizatzea zaila da eta egoera bukle batean sartzen da.
Zure ustez, landa-bizitzaren zein alderdi behar luke hobekuntzarik?
Nik uste dut oztopo edo traba gutxiago jarri beharko liratekeela. Orain nire zeramika tailerra eta kulturari lotutako proiektua martxan jartzen ari naiz, eta antzeko egoeran daude artisau, abeltzain, nekazari eta sortzaile asko. Garrantzitsua litzateke gure lana eta ekarpena baloratzea, eta instituzioek laguntza eta erraztasun gehiago ematea. Askotan trabak besterik ez ditugu aurkitzen, eta horrek zaildu egiten du ekimenak aurrera eramatea. Balioa jarri behar zaio landa eremuari, eta gutxienez, gauzak zaildu ordez erraztea.
Informazio pertsonala
Izena
Aitziber Duarte - Harrika
Adina
29
Data
2025/09/05
Tokia
Laudio